Berrikuntza

Berrikuntza ez da atzo arratseko kontua.

Aldaketa-garai hauetan indarrez astin gaitzaketen haizeak dabiltza; nora ezean utz gaitzakete edo aldiz, ondo bideratu.

Berrikuntza indarrez aurkezten zaigu arlo guztietan, hondamendia saihesteko eta arrakasta lortzeko panazea gisa. Berritzen ez duen erakundea desagertzeko arriskuan dagoela dirudi.

Argi dago ezin dugula mezu horiei jaramonik egin gabe egon, baina aldi berean egia da jardun aurretik gogoeta egitea gustatzen zaigula. Hori dela-eta, orain dela bi urte galdera bati erantzuteko denbora hartzea eta ahalegina egitea erabaki genuen, eta honako hau da galdera: zer da berrikuntza?

Denbora horretan, prestakuntza jaso dugu, berrikuntzan adituak diren pertsonekin hitz egin dugu, orain arte garatutako berrikuntza-ekintzak aztertu ditugu… eta lagungarriak egin zaizkigun hainbat erantzun aurkitu ditugu. Gure webgune berriaren aurkezpena baliatuz, erantzun horiek zuekin partekatu nahi ditugu, gogoeta egiteko lagungarriak izango zaizkizuelakoan. Goazen ba.

  • Berrikuntza ez da gaurko gauza!
    Erakundeetan beti ari gara berritzen, ezinbestekoa da berrikuntza. Hala ere, egia da bi zeregin gauzatzeke dauzkagula: berrikuntza sistematizatzea eta barruan eta kanpoan duen inpaktua handitzea.
  • Zer da berrikuntza? galderak ez du erantzunik.
    Berrikuntzak pertsona edo erakunde adina esanahi izan ditzake. Talde bakoitzak bere ikuspegi partekatua eraiki behar du, berritzea zer den eta zertarako den argi duen ikuspegi propioa. Gure kasuan honako hau zen galdera zuzena: Ortzadarren berritzea zertan datza?
  • Berrikuntzak beldurra ematen du.
    “Berritu egin nahi al dugu” ala “berritu egin behar da”? Berrikuntza aldaketa da eta horrek arriskua dakar. Berrikuntzari ekin aurretik gai hori mahai gainean jarri behar da, erakundeak berrikuntzarekiko duen konpromisoa balioesteko. Benetako berrikuntza-nahirik ez badago, azkenean, erakunde barrutik gure burua boikotatuko dugu.
  • Berritu, zertarako?
    Ez da erabaki behar zer arlotan oinarritu berrikuntza baizik eta berrikuntza nola lerrokatu erakundearen estrategiarekin. Gogoeta hori kontuan hartu gabe, berrituko dugu baina gerta daiteke berrikuntzak gure helburuak lortzera ez eramatea eta azkenean, zentzu guztia galtzea.
  • Pertsonak gara berrikuntza gauzatzen dugunak.
    Sabino Ayestaranen eta haren taldearen eskutik proiektu batean, “berrikuntza-taldeak” 2013-2014 Ikerketa-Ekintzan, parte hartu dugu; EHUk sustatutako proiektua da eta Innobasquek ere parte hartu du. Esperientzia horri eskertu beharrekoa da pertsona orok bere ekarpena egin dezakeela (nahiz eta bakoitzak bere modura) barneratu izana. Norberaren desberdintasunean datza balioa; izan ere, berrikuntzak talde-lana eta lankidetza-lana eskatzen du. Pertsonak berritzen dugu.
  • Berrikuntza gure DNAren parte da.
    Berrikuntzak ezin du une jakin bateko gaia izan, egunerokotasunarekin loturik ez duena. Inpaktua izatea eta denboran zehar iraunkorra izatea nahi badugu, berrikuntza-kulturaren ikuspegitik jorratu beharreko gaia da. Jarrera berriak eta lan egiteko, kudeatzeko eta aitzindari izateko modu berriak biltzen dituen ekosistema; azken batean, kultura-aldaketa sakona.
  • Esanetik eginera.
    Berrikuntza produktuei, zerbitzuei edo egiteko moduei buruzko ideiekin identifikatzea oso errotuta dago gure artean… baina ideiak berrikuntzaren zati bat besterik ez dira, ideiak izan ondoren, garatu eta inplementatu egin behar direlako. Berrikuntzaren fase hori ez bada ondo definitzen, ideia bikainak ezerez daitezke, gauzatu gabeko ideiak izanik.

Lerro hauen bidez gure berrikuntza-esperientzia partekatu nahi izan dugu, hau da, praktikak agindu diguna, berrikuntza egunero ikasten jarraitzen dugun etengabeko prozesu gisa ikustea baita partekatutako ilusio gisa ere.

Paperean bildu ezin diren ñabardurei dagokienez, gure ateak irekita daude. Nahi baduzue, zuekin atsegin handiz hitz egiten jarraitzeko prest gaude.


«

Utzi erantzuna