kultura ekintzailea

Zer dela-eta kultura ekintzailea?

Krisi ekonomikoa eta kezkatzeko moduko langabezia-tasak ezaugarritzat dituen agertokian gaude. Egoera horrek bereziki gazteak hartzen ditu eraginpean.

Gaur egun, aldaketa hitza indarrez entzuten da hainbat foro eta gunetan. Etapa-aldaketa, paradigma-aldaketa, aldaketa soziala, aldaketa ekonomikoa….. Agortutako hazkunde-eredu baten aurrean gaude.

Esparru horretan azaleratu da ekintzailetza, eraldaketa ekonomiko eta sozialaren palanka gisa. Begirada guztiek ere ildo hori dute ardatz. Horren erakusgarri, hainbat administraziok eta erakundek ekintzailetzaren alde egiten ari diren lana.

Europar Batasunak ekintzailetzak eskualde bateko garapen ekonomiko eta sozialerako duen garrantzia azpimarratzen du Europako lankidetza sustatzera bideratutako hainbat esparru estrategikotan (esaterako ekintzailetzaren inguruko 2020 Ekintza Plana). Estatuko eremuan ere ekintzaileei laguntzeko hainbat lege eta estrategia onartu dira.

Testuinguru hurbilagoan, Eusko Jaurlaritzak duela gutxi aurkeztu du Ekintzailetza Jarduera Babesteko Erakunde arteko Plana, eta bertan, hiru Foru Aldundiek parte hartu dute.

Zein dira ekintzailetzari laguntzeko gakoak? Enpresa berriei laguntzea eta haiek finantzatzea eta sendotzeko bidean laguntzea, kultura ekintzaile zabal eta sendoa aurrera eramatea eta ekintzaileak gizartean aintzat hartzea.

Kultura ekintzaileak, hitzaren zentzu zabalenean, garrantzi berezia hartzen du gaitasunen, kualitateen, jakintzen, trebetasunen eta jarreren multzo gisa. Jarrera ekintzailea aldaketaren oinarri gisa: amets egitea, jauzi egitea, berritzea. Erosotasunaren eremutik haratago ateratzea. Arazoak ekimenaren eta sormenaren bidez konpontzeko gaitasuna, arriskuak hartuz eta arriskuei aurre eginez eremu sozial, publiko eta pribatuan.

Ildo horretan, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomia Sustatzeko Sailak 2008an martxan jarritako proposamena aipatu nahi dugu; izan ere, bertan parte hartu genuen. Bizkaiko ikastetxeetan kultura ekintzailea sustatzeko ekimenaz ari gara; horren emaitza “Egin eta Ekin” programa izan da. Proiektu horren bidez kultura ekintzailea derrigorrezko bigarren hezkuntzan eta batxilergoan landu da; hurrengo bi ikasturteetan ere proiektu hori garatzeko aukera izango da.
Belaunaldi berriek horrelako gaitasun- eta jarrera-baliabideak barneratzen dituzten heinean, belaunaldi horiek beren bizitza-proiektua eraikitzeko prozesuan protagonistagoak izateko gaitasuna indartzen ari gara. Gainera, ekintzailetza sozial, politiko, kultural eta ekonomikoen aldaketaren benetako egile gisa jardutea sustatuko dugu, enplegua sortzen lagunduz eta komunitatearen garapen iraunkor eta sostengagarriaren aldeko lana eginez.
Ortzadarren kultura ekintzailearekiko konpromisoa gureganatuz, aurreko ikasturtean kultura ekintzailearen inguruko lan-ildo berriak gaztetasunez eta genero-ikuspegiarekin ikertzeaz arduratu den berrikuntza-talde bat jarri dugu martxan; horren emaitzak laster ikustea espero dugu.
Gizarte-berrikuntza abian dago jadanik, eta gure zeregina hori bultzatzea eta gizartearekin partekatzea da… eta horretan ari gara, hain zuzen ere.


Utzi erantzuna