“Ume bakarra hezitzeko tribu osoa da beharrezkoa”. Esaera afrikarra.

Eskolan, familian, kalean hezten dugu, baina… nola? Zer motako balore helarazten ditugu?

Gizarteak ezarritako estereotipo eta rolak baztertuz hezten gara gure umeak? Berdinzalea eta genero-ezarpenekin kritikoa den kultura azaltzen ari gara? Hezkidetza eraikitzen ari gara?

Genero ezarpenak arintzea eta gainditzea lan neketsua da: eskolan, familian, telebistan, gizartean, hau da, umeek egunero ikusten dutenaren kontrako guda amaiezina da.

Hori dela eta, eredu eta gune hezitzaile guztien arteko hezkidetza-sinergiak sortzeari garrantzitsua deritzogu.

Heziketa-gune formalean (eskolan) aurrerapenak hautematen ditugu, batez ere martxoaren 8 edo azaroaren 25arekin lotutako hezkidetza plan eta jardueretan. Baita heziketa-gune informalean (familian egiten diren ekintza zehatzetan), zein sentsibilizazio kanpainetan edo gurasoen eskolen bidez egiten direnetan, baina…

Zer gertatzen da heziketa-gune ez formalean? Zehazki esanda, ume edo nerabeen aisialdian, zer gertatzen da?

Aisialdia esperientzia abesgarria da, norberaren garapenerako esperientzia atsegingarriak gozatzeko aukera ematen digun bizi-espazioa. Eragin erabakigarria dauka umeen garapenean. Ekintza ludikoen bidez, jolasen bitartez bereziki, egunerokoan errepikatuko dituzten balore eta jarrerak barneratzen dituzte.

Nola erabiltzen dituzte aisialdirako guneak neskek eta mutilek? Zertan dabiltzate aisialdian? Zer aukeratzen dute neskek, zer mutilek? Nolako aukerak eskaintzen dizkiegu? Neska edo mutila izatearen arabera mugatzen al ditugu aukerak?

Oinarritzat izan behar ditugu galdera hauek aisialdi hezitzailea eraikitzeko asmoa badaukagu eta aisialdia erantzunkidetza eta genero berdintasun eta zuzentasunerantz jotzen duen gizarte eraldaketarako tresna gisa hartzen badugu.

Agerian dago, beraz, konpromisodun eta kide-hezkuntzan formaziodun profesionalak ezinbestekoak direla gune ez-formalean lantzeko.

Hauek guztiengatik, hona hemen gure XII Berdintasun Fororako proposatu dugun ekintza:

Haur eta nerabeekin batera lan egin, gune ez formaletan genero berdintasuna sustatzen duten ekintza hezitzaileak martxan jarriz, ereduak birpasatuz eta hautabide berriak arakatuz. Horiek dira azaroaren 16an burutu dugun “Genero eta hezkidetza ikuspegia aisi-hezitzaile guneetan” gure ekintzaren helburu eta edukiak.

Aisi programa eta guneetan nerabe eta umeekin lan egiten duten monitoreak berdintasuneralortzeko agente eraldatzaile bihur daitezen sortu dugu jarduera hau. “Senitartekoekin”, hau da, Ortzadarreko kideekin, hasten gara. Pertsonak eta erakundeak lotu, berdintasunaren alde pentsatu, sentitu eta aritzea da gure ilusioa. Hau da gure apustua, sendoa eta tinkoa, atzerako pausuak sahiesteko.

Tribuko kide guztiek hezten dute… eta elkarrekin ere, hezkidetza garatzen dute.


«

Utzi erantzuna