VIII. “Ekinaren Eguna”, maiatzak 22, Nazioarteko Bioaniztasunaren Eguna

UDONDO ETA GOBELA IBAIAK ZAINDUZ

 

  • Leioako Barandiaran Behekoa institutuko eta Ntra. Sra. de las Mercedes ikastetxeko 100 ikaslek Udondo eta Gobela ibaien interpretazioa eta garbiketa egin dute.
  • Topatutako hondakinak jaso dira, baita zuhaitz eta landare espezieen mapa bat sortu ere, espezie inbaditzaileei arreta berezia eskainiz.

 

 

Asteazkenean, maiatzak 22, Nazioarteko Biodibertsitatearen Egunarekin bat eginez, AZTERTU Programak “EKINAREN EGUNA”ren zortzigarren edizioa ospatu zuen Leioan.

 

Aurten, “EKINAREN EGUNA”k ekintza berezia jarri zuen martxan, bi helburu nagusirekin: ibaian aurki ditzakegun hondakinak batu, eta topa daitezkeen landare inbaditzaileen mapa sortu (koordenada konkretuekin kokatuz). Modu honetan ibaiari bere egoera naturala berreskuratzen lagundu zitzaion, ikasleak ohitura jasangarrietan hezteaz gainera; batik bat kontsumo ohituren inguruan sor daitezkeen hondakinen murrizketa, berrerabilpena eta birziklatzea bultzatzea, baita ibaietako landaretzak duen inportantzia azpimarratzea ere.

 

Barandiaran Behekoa BHI-ko ikasleek Udondo errekak Ibarrabarri poligonoan zehar dituen 450 metroetan burutu zuten ekintza, Gobela ibaia eta Nerbioi-Ibaizabal itsasadarrarekin batu aurretik. Lan eremua 50 metroko 9 tarte txikiagotan banatu zen.

 

Ordu beteko ariketa izan zen, 11:00etatik 12:00ak arte luzatu zelarik. Dena den, ekintza burutu aurretik egindako lana benetan inportantea izan zen. Ikasleek espezieen identifikaziorako gida bat sortu zuten, landare eta zuhaitz ezberdinak bereizteko ezinbestekoa izan zutena. Bere aldetik, AZTERTU Programak hitzaldi bat eskain izuen ikastetxean bertan egun batzuk aurretik, non aurrera eramango ziren lanak eta jarraitu beharreko pausoak birpasatu ziren.

 

Bere aldetik, Ntra. Sra. de las Mercedes ikastetxeko talde txiki batek lan berbera burutu zuen Gobela ibaiaren ibilguan, Leioako metro geltokia eta bi erreken arteko elkartze puntuaren artean. Kasu honetan, 45 minutu beranduago ekin zioten lanari, 11:45etatik 12:45etara ekintza burutuz.

 

“EKINAREN EGUNA” ekimenean jasotako hondakinak modu egokienean kudeatu ziren. Horretarako, bilketa bereizia egin zen, ekintza bukatu ondoren jasotakoa birziklapen edukiontzietara eramanez.

 

Ekintzaren antolatzaileek, AZTERTU Programak (Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila) eta INGURUGELAk, alegia, URA-Agentziaren eta Leioako Udalaren ezinbesteko laguntza izan zuten.

 

 

AZTERTU PROGRAMA

902.160.138

aztertu@euskadi.eus


«