NATURA BIZIAN. Ondare irisgarri eta inklusiboa Gorbeian.

NATURA BIZIAN. Ondare irisgarri eta inklusiboa Gorbeian.

Urrian, Ondarearen Europako Jardunaldien barruan, Gorbeiako Parke Naturalean, Parketxeak antolatutako ibilbide gidatu interpretatibo bat burutu zen.

Jarduera hau Gorbeiako ipar isurialdeko eremurik irisgarri, ekipatu eta inklusiboenean antolatu zen, Saldropoko hezegunearen aldirietatik eta Otzarretako pagadiarekin lotzen duen belardieetatik hain zuzen ere.

Inguru hau izakiak mendeetan zehar jorratutako paisaia bada ere, honek ez dio ingurugiroaren izaera basatia kentzen, Gorbeiako eremurik ikusgarrienetako eta bioaniztasun handienetako bat izanik.

Oraingo honetan, Parketxetik “Guztion ondarea, denok parte” jardunaldiaren leloa kontuan hartuta, esperientzia hau pertsona gorren taldeari zabaltzea erabaki zen, jardueraren egunean zeinu hizkuntzako bi interpreteen laguntza izanik.

Deialdiak izan zuen harrera bikaina zela eta, goizean bi bisita independente egin ziren, biak Parketxeko ingurumen hezitzaileek gidatuta, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz. Arratsaldean, interpreterik gabe, jarduera errepikatu zen, talde nahiko kopurutsu batekin euskarazko bisita egin zen eta gaztelerazko beste bat talde txikiago batekin, jardueran interesatuta egon ziren pertsona guztiei nola edo hala erantzun ahal izateko.

Goizeko eta arratsaldeko taldeen artean, 68 lagunek hartu zuten parte jardueran, horietatik 38 entzumen-arazoekin.

Goizeko ibilaldiek iraun zuten 4 kilometroetan eta 4 orduetan, giro lasai eta atseginean, eguzkia lagun, parte hartzaileek mendiko ekosistemek eskaintzen dituzten onura ugariez gozatu ahal izan zuten.

Gorren taldeak oso positiboki baloratu zuen jarduera eta asko izan ziren Parketxeko hezitzaileei eskainitako arreta, bertatik bertara eskertu zutenak. Era berean, hezitzaileentzako esperientzia oso aberasgarria izan zen, parte-hartzaileek aktiboki parte hartuz.


«